Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen (SMADE) 51. edizioa larunbat honetan hasiko da; irailaren 5ean, alegia. Guztira, hogeita bat ekitaldi antolatu dira, eta artista ospetsuek nahiz promesa gazteek parte hartuko dute. Raquel Andueza sopranoa jaialdiko zuzendari berria da eta berak ondu du proposamena, edertasunaren aldeko aldarrian oinarriturik, COVID-19 gaitzaren hedapenak gizartea gogor jo duen honetan.
Ignacio Apezteguía Kulturako zuzendari nagusiak, Koldo Leoz Lizarrako alkateak, Raquel Andueza SMADEko zuzendari artistikoak eta María Antonia Rodríguez Baluarte Fundazioko gerenteak aurkeztu dute gaur goizean Lizarran SMADEaren 51. edizioa. Ekimenaren bultzatzaileak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia eta Baluarte Fundazioa dira.
Aurtengo hemezortzi kontzertuak eta hiru ekitaldiak Santa Klara komentuan, San Migel elizan, Julián Romano Musika Eskolan eta San Jeronimo egoitzan izanen dira, bai eta Los Llanos kulturguneko lorategietan ere.
Astearen zuzendari artistikoak, aurten, talde nazionalen alde egin du, kalitate handia dutelako eta sektoreari laguntza emateko, pandemiak bereziki kalteturiko sektoreetako bat baita. Beraz, talde horietan oinarriturik, eta Edertasunaren argi-keinuak goiburu harturik, egitarauak artista ospetsuak eta berriak ekarriko ditu, “edertasunaren aldeko aldarria” egin nahian, “COVID-19 gaitzaren hedapenak gizartea gogor jo duen honetan”.
Helburu hori betetze aldera, Lizarrara “errepertoriorik inspiratuenak” ekartzeko eskatu zaien talde parte-hartzaileei, “jaialdi argitsua, maitakorra eta beroa” moldatzeko”.
Osasun egoera dela eta, jardueren edukiera mugatu da, entzuleen artean metro bateko tartea bermatzeko. Bertaratzen den orok, gainera, musukoa jantzita eraman beharko du saioa entzun bitartean.
Agortu dira lehen kontzerturako online sarrerak, hots, “Muera Cupido”, Nuria Rial & Academia del Piacere-k emanen dutena, baina oraindik ere badira gainerako emanaldietarako.
Egitaraua
Egitaraua hasteko, Iruñeko Katedraleko Ezkilazainek Lizarrako kanpai guztiak joko dituzte, irailaren 5ean. Gero, zortzi egunean, Espainiako antzinako musikaren proposamenik onenetako batzuk etorriko dira Lizarrara, hala nola Nuria Rial & Accademia del Piacere, Artefactum, Dolce Rima, Cantoría, Èlia Casanova eta Alfred Fernández, Vox Humana edo Lina Tur Bonet & MUSica ALcheMIca edota Secretvm.
Aurtengo edizioan, gainera, Amandine Beyer eta Vadym Makarenko biolin-jotzaileak, Las Arpas Sonorosas bikotea eta L'Apothéose arituko dira; azken horren errepertorioan Händelen konposizioak izanen dira ardatz.
Horrez gain, familiendako jarduerak eta saio hezigarriak eginen dira, Ministriles Hispalenses eta Ensemble Musicantes taldeen eskutik. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanen dio bukaera Asteari, irailaren 12an. Zaharrena da egun Espainian diharduten orkestren artean, eta Corelli, Biber, Locatelli eta Muffat konpositoreen lanak joko ditu.
SMADE Soziala
Aurten, Astearen egitarau soziala San Jeronimo egoitzan eta Julián Romano Musika Eskolan eginen da. Egoitzan, Cantoría taldeak errezitaldia emanen du, irailaren 7an. Taldea indarrean sartu da musikaren panoraman, Europako hainbat auditoriotan garaile aterata.
Eskolan, berriz, Èlia Casanova sopranoa eta Alfred Fernández bihuela-jotzailea arituko dira, amodioa, jelosiak, heriotza eta itxaropena ardatz hartutako konposizioak emateko.
Bi kontzertuak doakoak izanen dira eta biak ere erabiltzaileendako bakarrik izanen dira: lehena, hirugarren adineko egoitzen erabiltzaileendako, zehazki, eta bigarrena, berriz, AMIFE elkartean dagoen jendearendako.
Abonuak eta sarrerak
Sarrerak salgai daude Baluarte Fundazioaren webgunean, bai eta bertako leihatilan ere. Halaber, kontzertuak emanen diren lekuetan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik. Abonuen prezioa 90 € da (45€, gazte txartela erakutsita). 17:30eko kontzertuetarako sarrerak 8 € balio du (4 €, gazte txartelarekin). 20:00etako errezitaldiek, berriz, 12 € balio dute (6 €, gazte txartelarekin). Antolatzaileek online edota txartel bidez erosteko gomendioa egin dute