Traberso a
Carlota García
Biolina
Izana Soria
Biolontxeloa
Edouard Catalan
Klabezina
Ganaël Schneider
Muchachada Nui talde komikoaren “El cuadro barroco” esketxean ideia hartuta, musika barrokoko talde bat sortu eta Barroco-Tout (“barrokodena” frantsesez, hizkuntza horretan hitz egiten baitugu gure artean) izena jartzeko ideia zoroa izan genuen. 2013an, ideia hori errealitate bihurtu zen Europaren bihotzean, Bruselan. Hiri horretara Espainiatik eta Frantziatik iritsi ginen, musique ancienne ikasteko.
Antzinako musikan espezialista diren lau musikari gara, eta gure helburuetako bat laukote moduan geure soinua lortzea da. Gure talde edo osaketarako (trabersoa, biolina, biolontxeloa eta klabezina) jada ezagunak diren musikagileek idatzitako errepertorioa esploratu nahi dugu, eta, era berean, zoritxarrez ahantzita dauden beste musikagile batzuk ezagutu nahi ditugu. Kontzerturako programak historiarekin eta Historiarekin sortzea gogoko dugu, beste arte batzuei atea zabalduta, adibidez, dantzari, poesiari eta zinemari.
Barroco Tout oso askotarikoak diren eskarmentuen, nortasunen eta jatorrien nahastura da, eta hori gure interpretazioan islatzea nahi dugu. Gustu frantsesa eta izaera latinoa, europar estiloen mozorroa jantzitako pasioen musika jotzeko. Freskagarria eta ikus-entzuleen gogokoa izatea espero dugun koktela.
Printzipioen adierazpen honen ondoren, historia pitin bat. 2015ean eta 2016an EEEmerging (Emerging European Ensembles) programako kide izateko hautatu gintuzten. Europako hainbat jaialditan aritu gara, besteak beste, Festival d’Ambronay, Fringe Festival Oude Muziek Utrechten, Internationale Händel-Festspiele Göttingen, Festival Musiqu’3, Festival de Musique de Chambre en ll’Abbaye Musicale de Malonne eta Riga Early Music Centerren. 2016an, Ikus-entzuleen saria eskuratu genuen Utrecht Early Music Festivalen eta Concurso Sinfonietta izenekoa. 2017an, Yorkeko International Young Artists Competition lehiaketan lehen saria irabazi genuen, eta horrek aukera emango digu 2018 honetan gure lehen diskoa grabatzeko, Linn Records etxearekin.
Georg Ph illip Telemann
(1681-1767)
Nouveaux Quatuors en Six Suites. Quatuor no.2 en la menor TWV 43:a2
Allegrement / Un peu vivement / Vite
Pieter Van Maldere
(1729-1768)
Trio Sonate I en Re Mayor
Andante / Fuga / Largo / Presto
Henri-Jacques De Croes
(1705-1786)
Trio Sonate VI para flauta, violín y bajo continuo en re menor
Largo / Fuga allegro / Grave / Allegro
Herman-François Delange
(1715-1781)
Sonate II a tre instrumenti para flauta, violín y bajo continuo en la menor
Largo / Allegro / Presto
Jean-Marie Leclair
(1697-1764)
Trio Sonate I op. 4 en re menor.
Adagio / Allegro ma non tropo / Largo / Allegro
Georg Phillip Telemann
Nouveaux Quatuors en Six Suites. Quatuor no.2 en la mineur TWV 43:a2
Flatteusement / Légèrement / Coulant
Gutxi gorabeherako iraupena: ordu 1 eta 15 minutu
Hanburgo eta Paris hirien artean bederatziehun kilometro baino gehixeago daude. Egun, automobil on batean, ibilbide hori hamar bat ordutan egin dezakegu, atsedenaldiak barne. Hegazkinez, kontrolen denborak eta aireportuan zain ematekoak aintzat hartu gabe, ordu eta erdi behar dugu. Gaur, lan bat argien hirian estreinatzera gonbidatzen duten hanburgotar musikagile bat probasaioak hasi aurreko arratsaldean atera daiteke etxetik eta estreinaldiaren hurrengo egunean iritsi etxera. Oso litekeena da beste konpromiso batzuk izatea aurretik eta ondoren. XVIII. mendearen lehen erdian, kontu honek beste ezaugarri batzuk zituen. Geldialdiak nahitaez egin behar ziren, zenbait egunetan zalgurdi batean triki-traka ibiltzeagatik hezurrak hautsita iritsi nahi ez bazen behintzat. Baina gainera, premiak alde batera utzirik, denboraren ikusmoldea beste bat zen, eta logikoa zen halako bidaia luze batean ez edukitzea hainbeste garrantzi ahalik eta azkarrena egiteak –gure gizarte honetan ohikoa bada ere– eta bai, ordea, bidaiari ahalik eta atarramentu onena ateratzeak. Artista batentzat, bidaia aukera bat zen, bai egunen batean iritsiko zen helmugak eskaintzen ahal zizkion alde onak eta aukerak gozatzeko, bai eta bidean igarotzen zituen hirietako bakoitzak ekartzen ahal zizkionak gozatzeko ere. Hartara, bidearen bitartez arte-adierazpen desberdinak transmititu eta ikasteak –eta Lizarra hiria horren lekuko da– mende batzuk gehiago iraun zuen Erdi Arotik harago. Gaur –ez gaitezen eror edozein garai iragan hobe izan zela pentsatzeko tentaldian– eragin-korronteek beste bide batzuk dituzte, besterik gabe.
1737an Georg Philipp Telemannek (1681ean sortua) bidaia hasi zuen Hanburgotik Parisera, frantziar musikari ospetsuek gonbidatuta. Gaur arratsaldean Barroco Tout taldeak eskainiko digun kontzertua, Bidaia-kaierak izenburu iradokitzailearen pean, musika-ibilbide hori egiteko gonbidapena da, alemaniar musikagilearen eta bidaia hartako bidean zeuden beste garaikide batzuen piezak entzunez. Programari arreta jarri dion irakurleari xehetasun bat deigarri egingo zitzaion: Telemannen konposizio bera, TWV 43:a2 2. kuartetoa la maiorrean, Nouveaux Quartuors en six suites lanekoa, errepikatzea, hasieran eta amaieran. Nire eskuetara iritsi zen lehen aldian gertatu zitzaidan bezala, beharbada batek baino gehiagok pentsatuko zuen okerra dela. Ez da. Uste dut Belgikako talde honek proposatzen digun baliabide interesgarri bat dela, gutxienez, pare bat interpretazio duena nahitasunari dagokionez.
1730ean, sei kuarteto zituen onduta, Quadri izenburupean argitaratutakoak. Parisen egin zuen egonaldian, 1738an beste sei kaleratu zituen, Nouveaux Quartuors en six suites izenburupean. (Hamabi konposizioei, XX. mendearen erdi aldera elkarrekin kaleratu zirenetik, Parisko Kuartetoak esaten zaie). Garai hartan, 56 urte zituela eta ia berrogeita hamar urteko musika-bizitza, alemaniar musikagilearen ospea (Bach, Haendel, Scarlatti eta Rameaurekin batera, John Elliotek “85eko kinta” esaten zionekoa) nabarmena zen eta mugak gainditzen zituen. Telemannek, une hartako musikari orok bezala, Alemaniako eta Europako beste herrialde batzuetako musikagileengandik zetozen musika-joeren eragina izatea onartu zuen, eta berak, era berean, ezin eztabaidatuzko maisutzat hartzen zuten beste gazte batzuengan eragina zuen. Egun, musika-barrokoaz aldi bateratu moduan hitz egiten dugu. Baina barrokoa mende eta erdiko musika eta zenbait herrialde desberdin dira, musika hori egiteko modu desberdinak zituztenak. Asko dago batera, baina baita ikasi beharreko zenbait eskualde-bariazio ere. Klasizismoan, eta zer esanik ez erromantizismoan, gorpuztuko da nazionala estilo gisa. Espainiarra denaren eraginari erreferentzia egitean, Bocherinirengan esate baterako, berehala datorkigu gogora gitarraren behaztatzea ganberako bere lanetan. Bocheriniren eta gitarraren kontu hori esan dut hurbileko zerbait izateagatik. Baina sarritan irakurtzen dugu kontzertuen iruzkinean, edo musikagileei dagozkien testuetan, adibidez “Frantziako, Italiako eta Alemaniako estiloa batzen” dutela. Gogoeta horiek ezaugarri sotilagoei dagozkie, kontzertuaren sarrerako hitz hauen edukiari ihes egiten diotenak. Har dezagun gogoan XVIII. mendeko musikagileek (horretarako ziren musikagileak) desberdintasun horiek kontrolatzen zituztela eta aintzat hartzen zituztela, batzuek besteengandik ikasi eta batzeraino edo egiten saiatzeraino beren lanetan, ezaguera handiagoarekin edo txikiagoarekin.
Ez dakit zehatz-mehatz Bidaia-kaierak hasteko eta amaitzeko zergatik erabiltzen den Pariserako bidaiako kuarteto bera. Zergatia planteatzen hasita (beharbada, arrazoia da hori bera besterik ez izatea, musika entzuten hasi aurretik galderaren bat egitea geure buruari), pentsatzen dut agian bi alderdi hauetako bat ulertarazteko modua izatea: Telemannek, musikari heldua eta aitortua bazen ere, beste musikagile gazteago batzuen musikaren eragina hartzea onartu zuen bidaia honetan, bere buru irekiari eta beste batzuengandik ikasteko gaitasunari esker, eta, beraz, lan bera aurkezten da eragin horren aitortza moduan; edo kontrara, bidaiatu zuen, entzun zituen eta, beharbada, miretsi zituen beste musika batzuk, baina berak, musikari heldua eta aitortua zenez, musika ontzeko bere modua zuen, eta kuarteto bera erabiltzea hasteko eta amaitzeko sineste sendo hori berresteko modu bat da. Bakoitzak gogokoen duena aukeratu dezala. Edo bakar bat ere ez, agian urrunegi joan bainaiz nire hausnarketetan…
Ez dut niretuko jarraian datorrenaren merezimendua, kontzertuko musikagileen gainean taldeak berak egiten dituen oharren laburpena besterik ez da. Nahiko adierazgarria iruditzen zait hemen erreproduzitzeko, zerbait gehituta eta aldaketaren bat eginda.
Pierre van Malderek (1729-1768) zortzi urte baino ez zituen, Telemann bere jaioterritik, Bruselatik, igaro zenean. Ez dut irudikatzen Telemann eskola magistral bat egiten haurrekin, baina bai Maldere maisuak hirian egin zituen probasaioetara eta kontzertuetara joaten. Charles Alexandre de Lorraine printzea arteen mezenas zale amorratua zen eta berak babesten zituen kontzertu horiek. 17 urte zituela, Maldere biolinista zen Errege Kapera horretan bertan.
Bruselatik ehun kilometrotara, Lieja hirian, Herman-François Delange (1715-1781) gorantz zihoan ibilbidea egiten ari zen. Bere bizitza luzean, Italiara joateko aukera izan zuen, nagusiki Erromara, eta han italiar gustuaren eragin handia hartu zuen. Sonate II a tre instrumenti entzungo dugun bere lanean, bere estiloa klasizismo esango dugunaren gusturantz argi eta garbi aurrera egiten ari dela erakusten duten elementu asko aurki daitezke.
Henri-Jacques de Croes (1705-1786) Anberesen jaio zen, baina musika-ibilbidea Bruselan garatu zuen eta geroago Frankfurten. Frankfurten, zehazki, Errege Kaperako musika-maisua izan zen. Bere seigarren sonatako largoan, barrokoko opera-ariaren beraren lirismoa antzeman daiteke, eta fugak, berriz, disonantzia barrokoak klasizismoa ere iragartzen duten ezaugarriekin konbinatzen ditu.
Parisen, Telemannek Concert Spirituel elkarteko musikariak ezagutzeko aukera izan zuen, eta haien artean zegoen gaur arratsaldean entzungo dugun azken musikagilea, Jean-Marie Leclair (1697-1764). Concert Spirituel kontzertu publikoen lehen antolabidea da, tradizio bat ezartzeko adinako bizitza-luzera izan zuena. 1725ean sortu zuen Anne Danican Philidorrek. Académie Royale de Musiqueren monopoliotik kanpo kontzertuak egiteko Luis XIV.aren pribilegioa lortu zuen, Lully ahalguztidunaren heriotzaren ondoren mantendu zen monopolioa. Concert Spirituel kontzertuak Frantziako iraultza hasi arte egin ziren. Hasieran programatu zituzten lanen erlijio-jatorria gorabehera –hortik datorkie Spirituel izena–, Telemann elkartearekin harremanetan izan zen garaian, programen edukiak, ia bere osotasunean, lan profanoetan jartzen zuen arreta. Kontzertu horietan, beste batzuen musika entzun zuen eta beste batzuek bere musika entzun zuten.
Gu ez gara Pariseraino joango gaur arratsaldean, ez fisikoki behintzat. Baina bai utz dezakegula musika honek gu eramaten, antzinako zalgurdi batean igo eta traberso honen, biolin honen, biolontxelo honen eta klabezin honen soinuei esker bidaiatu, bere garaian, eskuz idatzitako partitura batzuetan, Telemannen besazpian, buruan eta oroitzapenean, bidaiatu zuten moduan.
Manuel Horno
Musikologoa