KAPERA SIXTINOAK INSPIRATUTA
Kapera Sixtinorako idatzitako konpositoreak. Palestrina ardatz bezala hartuta, ibilbidea egingo da Italiako Errenazimenduaren polifonia ezin hobean barrena. Bobedek musika egingo dute, eta musikak eraikuntza arkitektoni- koa ekarriko digu gogora.
The Tallis Scholars
G. P. da Palestrina (1525-1594)
C. de Morales (1500-1553)
G.P. da Palestrina
C. Festa (1490-1545)
Carpentras (1470-1548)
G. P. da Palestrina
----------------------------
G. Allegri (1582-1652)
G.P. da Palestrina
A. Campkin (1984-)
J. des Prés (1450-1521)
G. P. da Palestrina
90’
Peter Phillipsek ibilbide oparoa du Errenazimentuko polifonia ikertu eta interpretatzen, eta abesbatzaren soinua perfekzionatzen. Oxford unibertsitatean ikasteko 1972an beka lortu ondoren, ikasle zelarik esperientzia eskuratu zuen ahots-talde txikiak zuzentzen, eta garai hartan bertan hasi zen errepertorioan hain ohikoak ez diren lanekin esperimentatzen. The Tallis Scholars taldea 1973an sortu zuen. Talde horrekin batera 2.250 kontzertu baino gehiago eman ditu, eta 60 disko baino gehiago grabatu; lan horrekin, polifoniarekiko interesa mundu osoan elikatzea lortu du. Izan ere, Peter Phillipsek eta The Tallis Scholars taldeak inork baino lan handiagoa egin dute Errenazimentuko ahots-musika sakratua errepertorio handitzat hartzeko mendebaldeko musika klasikoaren baitan.
Bestalde, Peter Phillipsek beste talde espezializatu batzuk ere zuzentzen ditu. Hainbat talderekin ari da lanean gaur egun, besteak beste, BBCko abeslariak, Herbehereetako ganbara-abesbatza, Estoniako Filarmonikako ganbara-abesbatza eta Namur-eko ganbara-abesbatza. Horrez gain, hainbat abesbatzaren babeslea ere bada: Merton College (Oxford), Sansara (Londres) eta El León de Oro (Espainia), eta Portsmouth eta Clifton-go jaialdiei ere laguntzen die. Gainera, urtero Tallis Scholars Summer udako ikastaroa antolatzen du Avilan (Espainia). 2014an, Londresko St John’s Smith Square elizako A Capella Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa sortu zuen, gaur egun mundu osoko abesbatzak erakartzen dituena.
Bestalde, zuzendari izateaz gain, Peter Phillips idazle ezaguna ere bada. Esaterako, musikari buruzko zutabea idatzi du 33 urtez The Spectator aldizkarian (eta cricketari buruzko beste bat, denbora tarte laburragoan), eta The Musical Times aldizkariaren jabe eta editore bihurtu zen 1995ean (munduan argitaratzen den musikari buruzko aldizkaririk zaharrena). Bere lehenengo liburua, English Sacred Music 1549-1649, Gimell-ekin argitaratu zuen 1991n; bigarrena, What We Really Do, 2013an kaleratu zuen. 2018an, Errenazimentuko polifoniari buruz duen ikuspegiaren berri eman zuen BBC Radio 3 irratian, sei orduko iraupena zuten saio batzuetan.
2005ean, Arteen eta Letren Ordenako Zaldun izendatu zuen Frantziako Kultura Ministerioak; kondekorazio horren helburua da frantziar kultura munduan ezagutarazi eta hedatzen lagundu duten pertsonak ohoratzea. 2008an, Phillipsek elkarlana hasi zuen Merton College-rekin (Oxford), hango kaperako abesbatza sortzen lagundu baitzuen. Gaur egun, bertako Bodley kidea da.
The Tallis Scholars taldea 1973an sortu zuen Peter Phillipsek, bere zuzendariak. Grabazio eta kontzertuen ibilbide luzeari esker, Errenazimentuko erlijio-musikaren adierazle nagusi bihurtu dira mundu osoan. Peter Phillipsek lan handia egin du taldearekin Errenazimentuko errepertorioari hobekien egokitzen zaion soinu argi eta garbia lortzeko. Erdietsitako soinu horren edertasuna izan da The Tallis Scholars taldeari gaur egun duen aintzatespen zabala eman diona.
Kontzertuei dagokienez, leku sakratu zein sekularretan ematen ditu, urtean 70 bat, mundu osoan. 2013an, taldeak World Tour bat egin zuen 40. urteurrena ospatzeko: 99 ekitaldi egin zituen 16 herrialdetako 80 lekutan, eta horrela munduari bira lau aldiz emateko beste kilometro egin zituen hegan. 2015eko irailaren 21ean, 2.000. kontzertua eman zuen Londresko St John’s Smith Square elizan.
Orain arte 2018/19 denboraldian egin dituen ekitaldien artean, azpimarratzekoa izan da Bremen eta Utrecht hirietako jaialdietan parte hartu izana, eta Nico Muhly-ren lan berria New Yorkeko Miller antzokian estreinatu izana. Datozen data garrantzitsuen artean izango dituzte Berlingo Baroktage, Ravenna eta Salzburgoko Jaialdiak eta Japoniako bira, Estatu Batuak, Europa eta Erresuma Batuan egiten dituzten ohiko kontzertuez gain. Orain dela gutxi Brasilen egin duten bira ere azpimarratzekoa izan da.
The Tallis Scholars-en grabazioek sari ugari eskuratu dituzte mundu osoan. Azken grabazioa, Josquin-en Missa Gaudeamus eta Missa L’ami Baudichon mezak barnebiltzen dituena, 2018ko azaroan argitaratu zuen. Konpositoreak 2021ean 500 urte bete aurretik bere meza guztiak grabatzeko proiektuaren baitan kokatzen da album hori, 9 albumetik zazpigarrena.
BIDE GUZTIEK ERROMARA ERAMATEN DUTE
Erroma kristautasunaren polo handietako bat izan da VII. mendeaz geroztik. Konstantinoplako patriarkak patriarka ekumeniko bihurtzeko zuen asmoa Gregorio I.a aita santuak (590-604) geldiarazi zuenean, Erromako egoitza mendebaldeko kristautasunaren erreferentzia bilakatu zen, XVI. mendean doktrina alternatiboak sortu ziren arren (luteranismoa eta kalbinismoa kasu). Une bakoitzeko konpositore nagusietako batzuk elkartu zituen Meka izan zen aita santuaren ingurua, batez ere XV. eta XVI. mendeetan. Horietariko batzuk aurkituko ditugu Peter Phillips eta The Tallis Scholarsek eskainiko diguten saioan.
Kontzertuaren ardatz nagusia Giovanni Pierluigi da Palestrina (ca. 1525-1594) egilearen musika izango da. Konpositore horrek kargu garrantzitsuenetariko batzuk izan zituen Erroman XVI. mendearen amaieran, eta erlijio-musikaren egile eredugarri nagusia bihurtu zen. Trentoko Kontzilioko musika-arauen aitzindari nagusia izan zen Palestrina, luteranismoaren eraginari aurre egin eta eliza katolikoaren identitatea berresteko helburuarekin. Musikaren aldetik, arau horiek suposatzen zuten lanak konposizio profanoak aipatu gabe ekoiztea, teknika tradizionala eta musikarekiko interesa uztartzea, eta testua ongi ulertaraztea. Palestrinak konposatutako 104 mezetatik bost mugimendu hautatu ditu Peter Phillipsek; horiek elkartuz, “meza” berri bat sortu du. Kredoa da lan horren bihotza, Martzelo Aita Santuaren Meza ospetsutik hartua. Funts handirik gabeko teoria batek dioenez, meza horri esker izan zuen jarraikortasuna praktika polifonikoak, ustez arriskuan egon baizen Trentoko Kontzilioaren garaian. Misa brevis batetik dator Agnus Dei zatia, hori ere erabat konposizio originala, benetan ezohikoa XV. eta XVI. mendeetan. Izan ere, garai hartan egileek beren lanak berrerabiltzeko erabiltzen zuten meza, edota beste egile batzuei omenaldia egiteko horien musikak erabiliz. Aurreko motete batzuetan oinarritutako mezetatik datoz Kyrie, Gloria eta Sanctus zatiak; Kyrie eta Sanctus Palestrinaren beraren moteteetatik, eta Gloria, identifikatu gabeko batetik. Bere belaunaldiko eta hurrengo hiru mendeetako erlijio-musika markatu zuen konpositore baten lana ezagutzeko funtsezko ibilbidea egingo dugu.
Bestalde, “meza” horren mugimenduen artean tartekatuta, aita santuaren kaperaren parte izandako konpositoreek idatzitako zenbait motete ere entzungo ditugu. Horietariko bat izango da Cristóbal de Morales (ca. 1500-1553), bertako abeslaria izan zena 1535 eta 1545 artean. Hark idatzitako Regina caeli moteteak, Pazko asteko mariana antifonaren testuari buruzkoak, ohikoa baino estilo apainduagoa erakusten du autore sevillarrarengan. Haren garaikidea izan zen Constanzo Festa (ca. 1490-1545); Abestirik Ederrena liburuari buruzko Quam pulchra es motetean, egitura etereoa ezarri zuen, ez baitzuen ahots baxuen euskarria erabili. Carpentras (ca. 1470-1548) musikagilea bi garaitan aritu zen aita santuaren kaperan: 1508 eta 1512 artean abeslari gisa, eta kaperako maisu gisa 1513tik Leon X.a hil zen arte. Egile horren Erostak lana entzungo dugu; historiak dioenez, egileak berak egin omen zizkion moldaketak, Erromako emanaldi batean lana akatsez beteta entzun eta gero. Konpositore franko-flamenko horren estiloa erabat biluzik ikusiko dugu, soiltasun eta laztasun handieneko lana baitu.
Bigarren zatian, Gregorio Allegri-ren (1588-1652) Miserere ezaguna entzungo dugu. Allegri aita santuaren kaperako abeslaria izan zen 1629az geroztik, eta kaperako maisua, 1650az geroztik. Salmoaren bertsio hori (nolabait ereduari jarraiki egina) Kapera Sixtinotik kanpo interpretatzea debekatuta egon zen 1870 arte, baita partituraren kopia egitea ere. Harrigarria dirudien arren, bi aldiz soilik entzunda, Mozart gazteak lana berridaztea lortu zuen. Entzungo dugun azken konpositore errenazentista bikaina Josquin des Prez (ca. 1450-1521) izango da, XV. eta XVI. mendeetako egile franko-flamenkoetan ospetsuena, aita santuaren kaperan abeslari aritu zena 1489 eta 1494 urteen artean. Inter natos mulierum moteteak bere estilo orekatu, labur eta biziki adierazkorra erakutsiko digu. Amaitzeko, Phillipsek Alexander Campkin (1984 - ) konpositore bikainari eskatutako lan bat entzungo dugu, musikaren bide guztiek Erromara eramaten zuteneko garaira egingo dugun bidaiaren ondoren kontraste postmodernoa ekarriko diguna.
Xabier Armendariz Arraiza