es | eu

EDERTASUN TXINPARTAK
2020ko irailaren 5etik 12ra

EUROPA GALANTE

San Migel Eliza

2019ko irailaren 8, igandea - 20.15etan

Italiako eta Alemaniako barrokoaren ospakizuna. Garai sutsuko musika eta musika askokoa, leku ezberdinetako musikarien arteko konexio mordoa erakusteko.

Programa

  • Fabio Biondi, biolina eta zuzendaria
  • Fabio Ravasi, biolina
  • Andrea Rognoni, biolina
  • Stefano Marcocchi, biola
  • Alessandro Andriani, biolontxeloa
  • Patxi Montero, violone
  • Giangiacomo Pinardi, tiorba
  • Paola Poncet, klabezina

LES NATIONS 

A.Corelli (1653-1713)

  • Concerto grosso Op. 6 n.11 en si bemol mayor
  • Preludio:Andante / Largo II / Allemanda: Allegro III / Adagio-Andante IV / Sarabanda: Largo V / Giga: Vivace

A.Vivaldi (1678-1741)

  • Concierto para cuerdas en la mayor RV158
  • I.Allegro Molto / II. Andante Molto / III. Allegro

A.Vivaldi 

  • Concierto para violín en do mayor RV189
  • I. Larghetto / II. Allegro non molto e pianissimo / III. Largo / IV. Allegro molto

P.A. Locatelli (1695-1764)

  • Sinfonía Fúnebre compuesta para "l'Esequie della sua donna, che si celebrano in Roma” en fa menor 
  • I. Lamento: Largo / II. Alla breve ma moderato / III. Grave / IV. Non presto / V. La consolatione: Andante

----------------------------

G.P.Telemann (1681-1767)

  • Overture-Suite en si bemol mayor "Les Nations", TWV 55:B5
  • I. Ouverture / II. Menuet I alternarivement. Menuet II / III. Les Turcs / IV.Les suises / V. Les Moscovites / VI. Les Portugais / VII. Les Boiteux (Die Hinkenden) / VIII. Les Coureurs (Die Laufer)

G.P.Telemann

  • Concierto para violín en si bemol mayor "dedicato a Pisendel”
  • I.Largo / II.Vivace / III.Moderato - Sempre piano / IV. Alegro

60’

 

EUROPA GALANTE

Europa Galante 1990ean sortu zuen Fabio Biondi taldeko musika-zuzendari eta nazioarteko biolinistak, eta berehala bihurtu da antzinako musika-tresnen eta errepertorio barroko eta klasikodun talde italiar garrantzitsuena. Hasiera batean, XVII eta XVIII. mendeetako konpositore italiarren lanetan espezializatu zen, eta Vivaldiren kontzertuei eskainitako lehenengo diskoa kaleratu eta gero nazioarteko ospea lortu zuen: kritikak oso harrera ona egin zion eta Diapason d'Or de l’Année eta Choc de Musique sariak eskuratu zituen, besteak beste.

Gaur egun, Europa Galantek oso errepertorio ezaguna eskaintzen du eta aldi berean ezkutuko altxorrak ere argitaratzen ditu, hala nola Haendel eta Rossiniren operak, Bachen orkestra-suiteak edota Boccheriniren ganbara-musika.

Taldeak mundu osoko birak egiten ditu, munduko areto eta antzoki garrantzitsuenetan kontzertuak eskainiz: Milango Alla Scala Antzokia, Erromako Accademia di Santa Cecilia, Amsterdamgo Concertgebouw, Wiener Musikverein, New Yorkeko Lincoln Center, Tokioko Suntory Hall eta Sydneyko Opera House aretoetan, besteak beste.

Aurtengo denboraldian, azpimarratzekoa izan da Ian Bostridge-rekin programa italiarra eta Monteverdi eskaini izana Berlingo Pierre Boulez Saal eta Vienako Konzerthaus aretoetan eta Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean (azken horretan artista egoiliarra da Biondi). Horrez gain, Rossiniren La Petite Messe Solenelle eskaini dute Bremengo Musikfest-en; Monteverdiren Ulisse en Patria, Hanburgoko Elbphilharmonie-n; eta Bachen orkestra-suiteak ere eskaini dituzte Italia osoan egindako bira batean (Florentziako Teatro della Pergola zoragarria barne).

2018ko abuztuan, Stanislaw Moniuszko-ren mendeurrena ospatu zuten haren Halka opera aurkeztuz Chopin Nazioarteko Jaialdian. Aurten, Flis eta Verdiren Il Corsaro operak aurkeztuko dituzte. Hala, bel canto operaren interpretazio historikoan zehar egiten ari diren bidaiarekin jarraituko dute, aurretik Belliniren Norma eta Rossiniren La Cenerentola lanekin egin bezala.

Taldearen diskografia apartan sartzen dira Warner Classics, Virgin eta Gloss zigiluekin argitaratutako Vivaldiren Despedida Kontzertuak (Diapason d’Or), Boemia Concertos lanak (The Strad-en StarRecording), Belliniren Capuleti e Montecchi grabazio txalotua, Verdiren Macbeth (Preis derDeutschen Schallplattenkritik), edota Vivaldiren opera batzuk (Bazajet, Oracolo in Messenia eta Ercole sul Termodonte), Joyce DiDonato, Diana Damrau, Philippe Jaroussky, Vivica Genaux eta Rolando Villazón abeslariekin eta Warner Classicsekin grabatuak.

 

FABIO BIONDI

Kulturarekiko jakin-min sakonak bultzatuta, Fabio Biondik murrizketarik gabeko estiloa bilatzen du etengabe. Hasiera-hasieratik izan ditu erreferente gisa interpretazio historikoa landu izan duten aitzindariak, eta musikaren hiru mende baino gehiago sartu ditu bere errepertorioan. Jakin-min kutsakorrak eta ausardiak bultzatuta, lan originaletan oinarritutako interpretazioa bilatu ohi du Biondik; horrela lantzen ditu mundu mailan ezagunak diren lanak, eta aurkitu eta ikertzen ditu hain ezagunak ez diren maisulanak.

1990ean, Les Musiciens du Louvre eta The English Concert talde espezializatuekin lanean denbora luzea eman ondoren, Biondik Europa Galante sortu zuen, berehala bihurtuko zena Italiako antzinako musikaren talde nagusia. Biondi eta Europa Galantek izen ona lortu dute; New York Times egunkariaren arabera, “emanaldi fresko eta kartsuak eskaintzen dituzte”. Errepertorio barrokoa eta klasikoa biziberrituz, nazioarteko jaialdi eta areto nagusietan aritzen dira; esaterako, denboraldi honetan, Berlingo Pierre Boulez Saal, Hanburgoko Elbphilharmonie eta Vienako Konzerthaus aretoetan aritu dira. Horrez gain, denboraldi honetan Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean egindako egonaldian, lau proiektu landu ditu Biondik, hala nola biolinaz bakarka eta binaka jotzeko errezitaldi osoak, edota Europa Galante eta Ian Bostridgerekin eskainitako kontzertuak.

Interpretatzeko ikuspuntu berria eskaini eta sinfonia modernoak edota ganbarako lanak jorratzen ditu, zuzendaritza-lana bere biolinarekin eginez, “hainbat mendetako musika-elkarrizketa biziak azaleratuz" (Chicago Tribune). Stavanger-ko Orkestra Sinfonikoko musika barrokoaren zuzendari artistikoa izan zen 11 urtez, 2016ra arte, eta gaur egun ere hainbat orkestrarekin egiten ditu zuzendari-lanak: Radio France-ko Orkestra Filarmonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, Danimarkako Orkestra Sinfoniko Nazionala, Salzburgoko Mozarteumorchester eta Mahler-ko Ganbara Orkestra. Etorkizunerako planak ere baditu, esaterako Orquesta dell’Accademia Nazionale di Santa Cecilia-ra itzultzea, edota hauekin lan egitea: RAI Torino, Bergen Philharmonic, Finlandiako irratiko Orkestra Sinfonikoa, Akademie für Alte Musik eta Parisko Orchestre de Chambre.

Besteak beste Warner Classics, Virgin eta Glossa diskoetxeekin grabatutako diskografia zabalak sari ugari ekarri dizkio, esaterako Diapason d’Or de l’Année eta Choc de Musique. Europa Galanterekin egindako Vivaldiren Lau Urtaroen grabazioak Urteko Diskoaren saria jaso zuen bost herrialde baino gehiagotan. Opera izarrekin ere egin ditu grabazioak: Joyce DiDonato, Diana Damrau, Philippe Jaroussky, Vivica Genaux eta Rolando Villazón abeslariekin. Paganiniren biolin eta gitarrarako Sonaten azken grabazioak, bestalde, Gramophone argitalpenaren Editor’s Choice saria jaso zuen, eta BBC Music-en Chamber Choice.

Biondik grina bizia du opera klasikoa, bel canto eta Verdiren lehenengo konposizioekiko, eta grina horrek areto nagusietara eramaten du: Berlingo Staatsoper, La Fenice, Teatro Regio di Torino eta Valentziako Palau de les Arts Reina Sofía. Azken horretan musika-zuzendaria izan da 2015 eta 2018 artean, eta Donizetti, Rossini, Haydn eta berriki Verdiren Il Corsaro landu ditu. Biolin-jotzaile gisa ere izen handia du eta “birtuoso ezinhobea” ere deitu izan zaio (The Guardian). Mundu osoan aritzen da piano, klabezin eta pianoforteaz lagunduta, esaterako Carnegie Hall, Wigmore Hall eta Cité de la Musique aretoetan.

Bestalde, Fabio Biondi Accademia Nazionale di Santa Cecilia-ko akademikoa da 2011z geroztik, eta 2015ean Arteen eta Letren Ordenako Ofizial izendatu zuen Frantziako Kultura Ministerioak. 

Erabiltzen dituen biolinak 1733ko Andrea Borelli (Parma) bat eta 1766ko Carlo Ferdinando Gagliano bat dira. Bigarrena bere irakasle Maestro Salvatore Cicero-rena izan zen, eta Palermoko (Biondiren jaioterriko) Salvatore Cicero Fundazioak utzi dio.

 

Programari buruzko oharrak

POP BARROKOA

Nahi ala nahi ez, diskoen merkatuak gure gustu musikala baldintzatzen du. Aurkezten ari garen kontzertua ikustera etorriko diren askok, ziur asko, 60 eta 70eko hamarkadetan grabatutako musika barrokoaren bildumak entzungo zituzten. Gaur egungo modaren arabera, graziarik gabeak irudituko litzaizkiguke garai horretan egiten ziren bertsioak, baina aitortu behar da disko horiek izan zirela garai hartako musikari ospea eman ziotenak, musika klasikoan ohikoa izaten dena baino handiagoa. Zalantzarik gabe, ezaugarri hori asko estimatuko zuten esku artean dugun kontzertuko konpositore protagonistek. Izan ere, guztiek lortu zuten arrakasta handia estilo popularra erabiliz, batzuetan erraz aurreikus zitekeen arren beti helburua betetzea lortzen zuena.

Arcangelo Corelli-ren (1653-1713) konposizio batekin hasiko da saioa (XVII. mendearen amaierako italiar musikagile arrakastatsuenetariko bat). 1714an argitaratutako hamabi concerti grossi Op. 6 lanek bere ekoizpenaren alde herrikoiena osatzen dute, segidako zortzigarren kontzertuaren ospeari esker. Lan zabalak dira: hirukotean jotzeko sonatak (bi bakarlari eta baxu jarraitua) talde handiago baterako moldatuak, bakarlariak indartzen dituztenak pasarte garrantzitsuetan. Segidako hamabigarren kontzertua entzungo dugu guk: horren xarma melodikoa sentituko dugu, eta dantza barrokoak elkartzeko duen modu bizia, berehala batasun-sentsazioa sortzen duena. Kontzertuaren ulerkera modernotik hurbilagoak dira Antonio Vivaldiren (1678-1741) lanak, ohiko hiru mugimenduetan bananduta baitaude dagoeneko, eta musika-baliabideen errepertorio erakargarria eskaintzen baitute. Vivaldik aparteko ospea izan zuen bizi izan zen bitartean, hil eta gero hainbat kritika jaso zituen arren, bekaizkeria zela medio. Honela deskribatu zuen, esaterako, Igor Stravinsky-k, oinarria bazuen espresio batekin: “Kontzertu bera 600 aldiz idatzi zuen gizon gogaikarria da Vivaldi”. Entzungo ditugun bi lanak egilearen ospetsuenetarikoak dira, batez ere RV 158 kontzertua; bitxia den arren, ez du inongo bakarlari talderik bereizten. Askoz ere ospe txikiagoa du Pietro Antonio Locatelli (1695-1763) konpositorearen musikak, nahiz eta hark sortutako Hileta-sinfonia lanak ohorezko lekua merezi duen. Frantses erako hasiera –izaera zeremonial eta dramatikoduna– egin ondoren, tresnen artean etengabeko elkarrizketa duen bigarren mugimendu bat eskaintzen du. Mina hain agerikoa ez duen mugimendu berri eta motel baten ondoren, atal biziago bat iristen da, dramatismo apur bat ere baduena. Amaiera osoak (nolabaiteko Minueto tankera duena) kontsolamendua eta itxaropena dakartza.

Vivaldik eta Corellik beraiek baino gehiago, XVIII. mendearen hasieran arrakasta komertzial handiena Georg Philipp Telemann konpositoreak (1681-1763) izan zuen. Autore hori musikaren historiako emankorrena izan zen, opera, oratorio, kantata, kontzertu eta orkestra-suite mordoa ekoitzi baitzuen. Musika-zentro garrantzitsu guztietan editatu zituzten bere argitalpenak, eta konpositore bikain asko izan zituen jarraitzaile, besteak beste Haendel eta Bach. Lehenbizi, bere Nazioak lana entzungo dugu; suite horretan, konpositoreak hainbat nazionalitateren izaera desberdinak irudikatu nahi izan zituen. Ohiko sarrera frantsesa egin zuen, izaera serioa eta kontrapuntudun giga moduko bat txandakatuta; horren ondoren, Minueto dotorea egin zuen, dagokion atal nagusi edo hirukotearekin. Gero, nazioen erretratuak egin zituen: turkiarren erretratu landatarra eta erritmikoki oso markatua egin zuen; suitzarren erretratu irregular eta sinkopatua; moskutarrak adierazteko, kanpai-jokoak egin zituen; eta portugaldarrak deskribatzeko, Sarabanda. Azken bi mugimenduek Herrenak eta Korrikalariak irudikatzen dituzte, eta kontraste-izaera dute: lehena motela eta traketsa da; bigarrena, arin eta azkarra. Amaitzeko, kontzertuaren azken atala bere garaiko biolin-jotzaile preziatuenetako bat izan zen Johann Georg Pisendel-i (1687-1755) eskainita egongo da.

Oro har, barrokoko alderdi pop-enaz gozatzeko kontzertua izango da; XVIII. mendeko lehenengo erdiko konpositore italiar nagusiak gaur egun arrakasta komertzial bihurtzea lortu duen alderdia, hain zuzen. 

Xabier Armendariz Arraiza

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

SMADE - European Day of Early Music
Cultura - Kultura
Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

 
Lizarrako Udala
Lizarra Komertzioaren Hiria
 
San Migel Eliza · Santa Clara Eliza