es | eu

EDERTASUN TXINPARTAK
2020ko irailaren 5etik 12ra

JORDI SAVALL ETA PEDRO ESTEVAN

San Migel Eliza

2019ko irailaren 7, larunbata - 20.15etan

Antzinako Hispania kristau, judu eta musulmaneko musika instrumentalen arteko elkarrizketak, Erdi Aroko Italiakoak eta Maroko, Israel, Afganistan, Armenia eta Antzinako Otomandar Inperioko musikak.

Programa

Jordi Savall, arku-lira, rebec-a eta rebab-a

Petro Estevan, perkusioa

ORIENTE-OCCIDENTE

“DIÁLOGO DE LAS ALMAS”

  • Alba (Castellón / bereber)
  • Erotókritos - Danza bizantina (Grecia)
  • Danza del Viento - Tradición bereber
  • La Quarte Estampie Royal - Le Manuscrit du Roi (París, s. XIII)
  • Saltarello - Alfonso X El Sabio (CSM 77-119)

La rosa enflorece - Tradicional sefardí (Estambul)

  • Laïli Djân - Tradicional (Afganistán)
  • Azat astvatsn & Ter kedzo (Oda a la Libertad) - Tradicional (Armenia)
  • Makām-ı Uzzäl Sakîl "Turna" Semâ’î - Mss. D. Cantemir (324)

Rotundellus - Alfonso X El Sabio (CSM 105)

  • Menk kadj tohmi - Tradicional (Armenia)
  • Nastaran (Naghma instr.) - Tradicional (Afganistán)
  • Lamento di Tristano - Trecento mss. (Italia, s. XIII)
  • In pro - Trecento mss. (Italia, s. XIII)

El Rey Nimrod - Tradicional sefardí

  • Makām-ı Hüseynī Sakīl-i Ağa Rıżā - Mss D. Cantemir (89)
  • Alagyeaz & Khnki tsar - Tradicional (Armenia)
  • Saltarello - Trecento mss. (Italia, s. XIII)

75’

Kataluniako Generalitateko Kultura Sailaren eta Ramon Llull Institutuaren babesarekin

 

JORDI SAVALL

Bere belaunaldiko musikagile pluralenetako bat da Jordi Savall. Axolagabetasunak eta ahanzturak bazter batean utzi dituzten musika-altxorrak munduari eskaintzen dizkio duela berrogeita hamar urtetik. Izan ere, antzinako musika-lan horien ikerketan aritzen da, lanok irakurri eta bere zango-biolarekin jotzen ditu, eta zuzendari gisa ere lantzen ditu. Kontzertu-emaile, pedagogo, ikerlari eta proiektu musikal eta kultural berrien sortzaile gisa egiten dituen jarduerei esker, esan dezakegu musika historikoari berriz balioa emateko fenomenoaren erantzule nagusietako bat dela. Hespèrion XX (1974), La Capella Reial de Catalunya (1987) eta Le Concert des Nations (1989) musika-taldeen sortzailea izan da Montserrat Figueras-ekin batera. Horiekin, emozioz eta edertasunez beteriko unibertsoa ikertu eta sortzen du, eta musikaren milioika zaleri eta munduari eskaintzen die.

Bere ibilbide oparoan, Erdi Aroko, Errenazimentuko, barrokoko eta klasizismoko musikaren errepertorioak grabatu eta editatu ditu 230 diskotan baino gehiagotan, eta arreta berezia eskaini dio ondare musikal hispaniar eta mediterraneoari. Ekoizpen horrek hainbat sari jaso ditu, hala nola Midem, International Classical Music eta Grammy sariak. Bere kontzertuetako programek zubiak eraikitzeko tresna bihurtu dute musika, herri eta kulturen artean (batzuetan gatazka dutenen artean ere) elkar ulertzeko eta bakea eraikitzeko bitartekari gisa. Zerbaitegatik izendatu zuten 2008an «Kulturarteko komunikaziorako Europar Batasunaren enbaxadorea» eta, Montserrat Figuerasekin batera, «Bakearen aldeko Artista», UNESCOren «Borondate Oneko Enbaxadoreak» programaren baitan.

Bere ibilbide musikalari esker, nazioko eta nazioarteko izendapen edota saririk onenak jaso ditu, besteak beste: honoris causa doktore-titulua Évora (Portugal), Bartzelona (Katalunia), Lovaina (Belgika) eta Basilea (Suitza) hirietako unibertsitateetan; Frantziar Errepublikako Ohorezko Legioko Zaldun titulua; Saxonia Beheko Kultura eta Zientzia Ministerioak ematen duen Bakearen Aldeko Musikaren Nazioarteko Saria; Kataluniako Generalitateko Urrezko Domina eta Leoni Sonning izen handiko saria, musikako Nobel saritzat hartu daitekeena. “Aberastasun neurtezina duen ondare kultural amankomuna erakusten digu Jordi Savallek. Gure garaiaren neurriko gizona da” (The Guardian, 2011).

 

PEDRO ESTEVAN 

Pedro Estevan perkusio ikasketak egiten ari da Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioan. Bestalde, Frantziako Aix-en-Provence hirian perkusio garaikidea ikasten ari da Sylvio Gualda irakasle frantsesarekin, eta perkusio afrikarra, Doudou Ndiaye Rose irakasle senegaldarrarekin. Halaber, hand-drums teknika ikasi du Glen Velez-ekin.

 Orquesta de las Nubes orkestraren eta Madrilgo Grupo de Percusión taldearen sortzaile izan zen. Horrez gain, hainbat orkestrarekin aritu izan da elkarlanean: Espainiako Orkestra Nazionala, RTVE, Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Gulbenkian eta Orchestra of the 18th Century; eta hainbat talderekin ere bai, hala nola Koan, Sacqueboutiers de Toulouse, Paul Winter Consort, Camerata Iberia, AnLeuT Música, Accentus, Sinfonye, Ensemble Baroque de Limoges, The Harp Consort, Ensemble Kapsberger, Orphénica Lyra, Mudéjar eta Sevillako Orkestra Barrokoa.

 Musikari eklektikoa da, eta batez ere antzinako musikan (Hespèrion XXI, Le Concert des Nations, Laberintos Ingeniosos) eta musika garaikidean (Rarafonía) aritzen da. Bakarlari gisa ere aritu izan da Espainiako Ganbara Orkestra Nazionalarekin eta Reina Sofía Orkestrarekin.

Bestalde, Lluís Pasqual eta Núria Espert-en antzezlan ugaritan ere parte hartu du. Musika konposatu du Ignacio García May-ren Alesio eta Adolfo Marsillach-ek zuzendutako Cervantesen La Gran Sultana lanetarako. Musika-zuzendaria ere izan da, Lluís Pasqual zuzendariak Odeon-Théâtre de l’Europe-n aurkeztutako Lope de Vegaren El Caballero de Olmedo lanean.

 Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Norbegia, Estatu Batuak, Kanada, Japonia eta Australiako irrati eta telebistetan grabatu du, eta 100 disko baino gehiagotan parte hartu du. Disko horietariko batzuk bere lanak izan dira: Nocturnos y Alevosias eta El aroma del Tiempo. 1993an Grammy saria jaso zuen Paul Winterren diskoan ere parte hartu zuen.

 Perkusio Historikoko irakaslea da ESMUC eskolan (Kataluniako Goi Mailako Musika Eskola).

 

Programari buruzko oharrak

TOPAKETAK

Ekialdeak eta Mendebaldeak etengabe izan dute harremana. Grezia, esaterako, merkataritzako potentzia garrantzitsu bihurtu zen K.a. V. mendeaz geroztik, eta koloniak ezarri zituen Mediterraneo osoko leku estrategikoetan, Iberiar Penintsulatik Asia Txikiko eskualdeetara. Ondoren, erromatarrek are lurralde handiagoa kontrolatu zuten, Afrika iparralde osora eta Europaren zati handi batera hedatu baitziren. Erromatar Inperioa erori eta musulmanen hedapen-kanpainen bitarteko mendeetan ere (Europa erlatiboki isolatuta gelditu zen garaia), Ekialde eta Mendebaldearen arteko elkartrukea egon zen. Musikaren arloan, azpimarratzekoa izan zen Erdi Aroko kantu liturgikoekin gertatutakoa. Izan ere, VIII. mendearen erdialdera arte Europako praktika liturgikoetan batasunik egon ez bazen ere, bitarteko mendeetan Europan egiten ziren erritual guztiek izan zuten ekialdeko kulturaren eragina.

Hurrengo mendeetan, elkartruke kultural horiek bizkortu egin ziren. Alde batetik, Marko Poloren bidaiek Zetaren Bidea ireki zuten, Ekialde Urrunarekin merkataritza-harremanak ezartzeko bide garrantzitsua, benetan erabakigarria izan zena hurrengo mendeetan Veneziak eta Genovak izandako oparotasunean. Beste alde batetik, XIII. mendean gurutzadek azken urratsak egin zituzten Lurralde Santuan nagusitasun kristaua ezartzeko asmoz, nahiz eta mende horretan kristauek abiatutako kanpainek geroz eta emaitza gutxiago ekarri zituzten. Amaitzeko, garai horretako Iberiar Penintsulan, kristau, judu eta musulmanen arteko bizikidetza egon zen, nahiko oreka prekarioan, gehienetan.

Jordi Savall zango-biolista eta orkestra-zuzendaria beti egon da prest europar tradizioa eta beste herriekiko harreman kulturalak aztertzeko. Hala erakutsi du Jerusalem hiriaren inguruan egin dituen grabazioekin, esklabotzaren bideei buruzko ikuskizunarekin edota San Frantzisko Xabierkoaren bizitzaren inguruko bildumarekin. Gurean, Savallek oso eskaintza plurala eskainiko du: tradizio arabiar, judutar eta kristauko musikak entzungo ditugu, baita Europa Ekialdeko eta Asia Erdialdeko errepubliketako zenbait kanta ere. 

Europar tradizioaren baitan, dantzatzeko musikaren erakusgai batzuk entzungo ditugu, adibidez Erregearen Eskuizkribu ezagunean (XIII. mendeko iturburu frantsesa) jasotako uxaldi erreala, edota Alfontso X.a Jakitunak bildutako zenbait dantza. Alfontso erregeak kultura eta artea sustatu zituen Andra Mariaren Kantigak bilduz, eta Iberiar Penintsulako zibilizazioen arteko harremanari bide eman zion, Toledoko Itzultzaileen Eskola sortuz, besteak beste. Europar tradizioan mantendu diren lehenengo ustezko lan instrumentalen artean daude berak bildutako dantzak. Bestalde, Lamento Di Tristano ezaguna ere entzungo dugu, Tristan eta Isoldaren mitoaren inguruan Erdi Aroan egindako musikatze ezagunenetako bat, hurrengo mendeetan asko ikertu dena beste latitude batzuetan.

Judu-jatorriko tradiziotik entzungo ditugun kanten artean, nabarmen gailenduko da sefardien tradizioa; hau da, gaur egun Espainia den lurraldean 1492an bota zituzten arte bizi izan ziren juduei dagokiena. Horren adibide dira A la una yo nací abesti ezaguna (Sarajevon jasotako melodia) eta Nimrod Erregea dantza (ehiztari ona zelako Biblian goraipatzen den pertsonaiari omenaldia).

Tradizio musulmana aurkezteko, berriz, errepetorio zabala eskainiko du Savallek: Armeniatik eta Afghanistandik datozen melodiak eta amazigh jatorrikoak, besteak beste. Ondare musulmanaren baitan dagoen ezaugarri nabarmenena maqām-a da, Indiatik datorren ragaren antzekoa. Maqām-a motibo melodikoen segida bat da; normalean zazpi notako eskaletan multzokatuta egoten da, inprobisatzeko aukera ematen du eta gogo-aldarte jakin bati lotuta egoten da. Otomandar Inperioa eratu zuten eskualdeetako musikaren ezaugarri bereizgarria da; hots, Europako ekialde mutur osoa eta Ekialde Hurbila barnebiltzen dituen lurraldea, geroxeago erabakigarria izango zena Venezia eta Genovaren merkataritza-harremanetarako.

Oro har, Erdi Aroan etengabe gertatu ziren topaketa horiek landuko ditu Savallek kontzertuan. Itxuraz elkarrengandik urrun ziruditen bi zibilizazio izan arren, egiaz etengabeko elkarbizitza izan zutenen arteko bertopaketa izango da.

Xabier Armendariz Arraiza

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

SMADE - European Day of Early Music
Cultura - Kultura
Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

 
Lizarrako Udala
Lizarra Komertzioaren Hiria
 
San Migel Eliza · Santa Clara Eliza