es | eu

(BERR)ELKARTZEAK
2019ko irailaren 1etik 8ra

RAQUEL ANDUEZA & LA GALANÍA

Santa Klara Eliza

2019ko irailaren 1, igandea - 20.15etan

Kontzertu berezia. SMADEren publikoa izandako eta orain nazioartean erreferentziazko izena den artistarekin berrelkartzea. Monteverdi, Cavalli eta beste hainbaten italiar musika. Melodia dotoreak eta kantu libreak musika onenean murgilduko gaituzte.

Programa

Raquel Andueza eta La Galanía

  • Raquel Andueza, sopranoa
  • Pablo Prieto, biolina
  • Manuel Vilas, bi ordenatako harpa
  • Jesús Fernández Baena, tiorba

ITALIA 1600 

Claudio Monteverdi (1567-1643)

  • Perché se m’odiavi

Anónimo (siglo XVII) 

  • Viver in questo stato

Francesco Cavalli (1602-1676) 

  • Vieni in questo seno

Anónimo (siglo XVII) 

  • Bella mia

Anónimo (siglo XVII)

  • Ciaccona

Domenico Anglesi (1610/15-1674) 

  • Un sol bacio

Claudio Monteverdi 

  • Voglio di vita uscir

Anónimo (siglo XVII) 

  • Donzelletta, lascivetta

Claudio Monteverdi

  • Oblivion soave

Anónimo (siglo XVII)

  • Passacaglia

Claudio Monteverdi

  • Si dolce è’l tormento

Anónimo (siglo XVII)

  • Cruda signora

75’

 

RAQUEL ANDUEZA

Iruñean jaioa, Pablo Sarasate kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta, ondoren, Nafarroako Gobernuaren beka jaso zuen Londresko Guildhall School of Music and Drama eskolan ikasteko. Hor Bachelor of Music lortzeaz gain, ohorezko aipamena jaso eta School Singing Prize saria irabazi zuen. Hortik gutxira, Richard Levitt irakaslea ezagutu zuen, eta bera izan du erreferente nagusi Lisa Paglin eta Marianna Brilla bihurtu diren arte bere ahots-prestatzaile.

Bakarlari gisa aritzen da mundu osoko jaialdi eta auditorium nagusietan (Paris, Madril, Bartzelona, Brusela, Utrecht, New York, Praga, Frankfurt, Bukarest, Tokio, Viena, Mexiko, Napoli, Granada, Minneapolis, Berna, Panama, Chicago, Londres, Hong Kong, Mosku, Bogota, Vancouver eta abar). 2012an egin zuen debuta, New Yorkeko Carnegie Hall aretoan eta Londresko Prom-etan. Jesús Fernández Baena tiorba-jotzailearekin batera, La Galanía taldea sortu zuen 2010ean; 2014an Talde Barrokorik Onenaren saria jaso zuten Antzinako Musikaren Talde Espainiarren Elkartearen partetik.

Raquelek kontzientzia sendoa du ahotsaren osasunaren inguruan, eta irakaskuntzak geroz eta garrantzia handiagoa du bere bizitzan. Sarritan gonbidatzen dute Madrilgo Teatro Real-era kantagintzari buruzko konferentziak eta ikastaroak emateko, baita zenbait unibertsitatetara (Yale, Burgos, Alcalá de Henares, Bogota, Madrilgo Complutense, Panama Hiria eta Anberesko AMUZ) eta goi-mailako kontserbatorio eta musika jaialdietara ere (Gijón, Iruñea, Kanaria Handiko Las Palmas eta abar). 2018az geroztik, klaseak ematen ditu Iruñean duen estudioan.

Hainbat zigilu diskografikorekin egin ditu grabazioak, besteak beste Warner Classics, Virgin Classics, Glossa, K617, NB Musika, Accentus, OBS Prometeo eta Zig-Zag Territoires diskoetxeekin. 2011n bere zigilua ere sortu zuen, Anima e Corpo. Halaber, filmen, film laburren eta telesailen soinu-bandetan parte hartu du, hala nola La Catedral del Mar (Antena3, Jordi Frades), Exodus (Ridley Scott, 2014), Carlos (TVE1, Oriol Ferrer, 2015), Isabel (TVE1, Javier Olivares, 2012), Atraco (Eduard Cortés, 2012), Tous les soleils (Philippe Claudel, 2011), Disección de una tormenta (Julio Soto Gúrpide, 2010). Gainera, La Galaníarekin batera, ahotsa jarri dio Loewe Sport lurrinaren telebistarako iragarkiari.

 

LA GALANÍA

Espainiako gaur egungo musika-panoraman dauden talde espezializatu garrantzitsuenetako bat da La Galanía. Raquel Anduezak eta Jesús Fernández Baenak 2010ean sortu zuten eta XVII zein XVIII. mendeetako musika barrokoa jotzea du helburu. Ondo zaindutako printzipio historizista batzuetan oinarritzen da, eta errepertorio horretan espezializatutako Espainiako zein nazioarteko musikaririk onenekin elkarlanean aritzeko apustua egiten du. Taldeko kideak mundu mailan izen handia duten orkestra eta taldeetako kide ere badira, besteak beste Hespèrion XXI, Al Ayre Español, Orquesta Barroca de Sevilla, Private Musicke, Orchestra of the Age of the Enlightment, L’Arpeggiata eta abar. Raquel Andueza sopranoa dute taldearen ardatz nagusi, munduko auditorio eta jaialdi garrantzitsuenetara maiz gonbidatzen duten abeslaria.

La Galaníak debut arrakastatsua egin zuen Iruñeko Katedralean Pergolesi-ren Stabat Mater lanarekin. Horren ostean, berehala ekin zioten munduko auditorio eta jaialdi prestigiotsuenetan jotzeari: Paris, Madril, Bartzelona, Brusela, Frankfurt, Utrecht, Praga, Bukarest, Viena, Mexiko DF, Napoli, Granada, Minneapolis, Erroma, Panama Hiria, Vancouver, Berna, Chicago, Londres, Hong Kong, Mosku, Tokio, New York, Bogota, Nagoya eta abar. 

2011ko urtarrilean, Yo soy la locura kaleratu zuten, taldearen lehenengo proiektu diskografikoa, beren zigilu diskografikoarekin, Anima e Corpo. Merkatura atera bezain laster, albumak arrakasta handia izan zuen kritikari eta salmentei dagokienez, eta aho batez jaso zuen Festclásica saria, Espainiako Musika Klasikoaren Jaialdien Elkarteak emana. Horren ondoren, beste lan diskografiko batzuk ere argitaratu dituzte, hala nola Alma Mia (Antonio Cesti-ren operarako aria eta kantaten bilduma), Pegaso (Tarquinio Merularen salmo eta moteten bilduma) eta Yo soy la locura 2 (XVII. mendeko espainiar musika). Halaber, prentsaren kritika eta saririk onenak jasotzen ari dira. 2016ko abenduan argitaratu zuten beren azken albuma, Miracolo d’Amore (Francesco Cavalli-ren ariak eta operarako duoak), Xavier Sabata kontratenorrarekin batera.

Benetan kontzertu berezia. SMADEko ikus-entzule izan den eta gaur egun nazioarteko panoraman itzal handia duen artista berriro topatzeko aukera paregabea. Monteverdi, Cavalli eta beste hainbaten musika italiarra. Musikarik onenean murgiltzen gaituzten melodia dotoreak eta kantu libreak. 

 

Programari buruzko oharrak 

ITALIA 1600

Monteverdik (1567-1643) ondo laburbiltzen ditu Errenazimentutik barrokismorako eboluzioan Europan barreiatuta egon ziren kezkak. Musikan, indarrean zegoen iraganera itzultzeko ideia hura, platonismo errenazentistara itzultzekoa. Pinturan, Nicolás Poussin-ek ordezkatzen du iraganaren eredua, noblezian oinarritutako edertasunaren bila, Caravaggioren egiaren ideiari kontrajarria. Monteverdik dena elkartzen du. Bere musikaren antolaeran, malenkonia eta handitasunak paraleloki egiten dute gainezka. Garaiak koadro mitologiko handia inposatzen zuen, baina Monteverdik, koadro zaharkitu horren aurrean, melodien sistema berria –eta orkestra berria– sortu zuen, maitatzeko modu berria erakusten duena. Horrekin batera, mitoak “sinesteari” utzi zion, baina horietan oinarriturik giza maitasunaren misterioa adierazten hasi zen. Horrelaxe heldu zen bere lanaren gailurrera: L’incoronazione di Popea, dagoeneko “errealista” esan dakiokeen opera.

Monteverdik Venezian lortu zituen handitasuna eta irmotasuna: San Markos kaperako maisua izan zen, soldata ona eta giro bikainarekin, eta sekulako mundu piktorikoa eta musika-tradizio indartsua (oraindik ere polifonia klasikoaren baitan, baina aurreratuagoa) izan zituen. Horrek guztiak solemnitatea, distira eta nolabaiteko malenkonia ematen dizkio Monteverdiren melodramari, eta bere kutsu iraultzailea ederrago egiten du. Maisuaren aurrerapenak, batez ere, madrigaletan antzematen dira. Oso atsegin zituen eta berebiziko garrantzia eman zien –9 liburu–, hainbeste ezen Il Lamento di Arianna lana forma horretara egokitu baitzuen. Bere aurretik etorritakoen madrigalen estiloa menperatu egiten zuen: kontrapuntua. Benetan lan miresgarri batzuk egin zituen, “ahots bakarreko melodia” batez lanari izaera osoa ematea lortzen dutenak eta gainerako ahotsak laguntza instrumentalera mugatzen dituztenak (musikarientzat, dominante zazpiduna duten akorde horiek maisuki handitzen dituzte espresio-ñabardurak). Ekarriko ditugun izenburuak nahikoa esanguratsuak dira: “Gorroto baldin baninduzun, zergatik egiten zenituen ni maitatzeko plantak”. “Bizitza utzi nahi dut”… “zugatik, emakume krudela”… “ametsera eramango zaituen ahanztura goxoa”. “Zein sufrimendu goxoa”, maiteminduta dagoen ororen oximorona. 

Pier Francesco Cavalli (1602-1676) haur kantari izandakoa, organo-jotzailea eta konpositorea izan zen; Veneziako musikarien artean, Monteverdiren ikaslerik onena, hura abesbatzako irakasle izan baitzuen. Bere musikak tenperamentu grinatsua erakusten du, izaera indartsua eta egia dramatikoaren bilaketa. Ondo aldatzen du erritmoa, eta errezitatiboa behar dramatikoen arabera mugitzen du; garai hartan nagusi ziren errezitatibo “secco” (hitzetik gertu) horiek ez bezalakoak erabili zituen. Bestalde, ariaren aukeretan ere sakondu zuen, eta baxu behartu eta tematia hertsiki lotu zion. “Zatoz nire bularrera, benetan barea, bere esneak hartu zaitu...”; badirudi amatasun goxotik sentsualitate lotsagabera jauzi egiten duela.

Domenico Anglesi (1610,15-1674). Ezer gutxi dakigu hari buruz. Toscanako (Florentzia) Duke Handiaren zerbitzuan lan egin zuen instrumentista eta konpositore gisa 1638az geroztik, eta C. de Medici kardinalaren ganbara-laguntzailea izan zen. Kantata dramatiko bat egin zuen, Alidoro il constante, eta drama zibil bat, La serva nobile. Gainera, Toscanako Cosimo III.a eta Orléans-eko Margarita Luisaren arteko ezkontzako ospakizunerako, ballet handia egiteko enkargua eman zitzaion. “Musu bat besterik ez… izan errukia…”, maitasun galduari egindako abesti malenkoniatsua da. 

 “Egile anonimoari” buruzko ohar batzuk. SMADEren mendeurren erdia ospatzeak aitzakia ona ematen digu egileen nolabaiteko bilduma osatzeko. “Egile anonimoa” da, zalantzarik gabe, egiletza ohikoenetako bat. Oraindik ere da misterio handia zergatik dagoen musikan hainbeste anonimotasun, bestelako arte motetan baino gehiago. Teoria ugari daude: ahozko tradizioa edota izaera herrikoia izan daiteke egiletza galtzeko arrazoi bat. Raúl del Toro gure organo-jotzaile maiteak Radio 2 irratiko mintzaldietan organoari buruz esaten duen bezalaxe, polifonia zaharra, eta batez ere gregorianoa, oso arte berdinzalea zen; mundu guztiarentzat konposatzen zen, liturgiarako, eta egilea ez zen garrantzitsua. Hori aldatu egin zen gortearentzat konposatzen hasi zirenean, edota antzerkirako, etab. Raquelek dioenez, aldiz, testu batzuen izaera “lizunak” tentuz ibiltzera behartzen zituen. Tira, edonola ere, esker onez gogoratzen ditugu. Gaur egungo “anonimoak” ere amodiozkoak dira: esaterako, erabat etsitako txakona daukagu, “Egoera honetan, maitea, ezin naiz bizi”; ia mistikoa dena ere badago, “Ene ederra, nire bihotza zugatik bizi eta zugatik hil egiten da…”; edota artzain-musika, “Dontzeilatxo sentsuala”; edota dramatikoa –hau ere txakona–, “Dama krudela, ni hiltzea nahiko zenuke…”. Txakona dantza mota bat ere bada, Latinoamerikatik Espainia eta Italiara eramana. “Passacaglia” txakonaren oso antzekoa da, XVIII. mendetik aurrera oso erabilia.

Eta azken ohar bat: gaur aterpea ematen digun eliza Juan de Larrañagak eraiki zuen, 1654 inguruan (Nafarroako Monumentuen Katalogoa); hala, aipatu ditugun musikari horien garaikidea izan zen. Santa Katalina eta Santa Barbararen tailuak, erretaula nagusikoak, errenazentistak dira, baina garrantzitsuena, Santa Klara, geroagokoa da, eta nolabaiteko kutsu barrokoa erakusten du. Urte miresgarri haietako artearen eboluzioa ikus dezakegu, horrenbestez, bai eskulturetan eta bai musikan.

Javier Monreal 

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

SMADE - European Day of Early Music
Cultura - Kultura
Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

Lizarrako Udala
Lizarra Komertzioaren Hiria
Vianako Udala
San Migel Eliza · Santa Clara Eliza
Santo Domingo Egoitza · Santa María Eliza (Viana)