es | eu

Lizarrako Antzinako
Musikaren 49. Astea

Musikaren bidaiak
2018ko irailaren 1etik 9ra

Heldu den larunbatean, irailak 1, Lizarrako Antzinako Musikaren 49. Astea hasiko da

2018ko abuztuaren 23, osteguna

 

Hamaika kontzertu programatuko dira barne bidaia eta bidaia fisikoa proposatzeko denboran barna, edertasunaren bilaketa bultzada sortzailearen eragiletzat hartuta.

Heldu den larunbatean, irailak 1, Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen (LAMA) 49. edizioa hasiko da. Zikloa hilaren 10a arte luzatuko da, eta bigarren aldiz Íñigo Alberdi izanen du zuzendaritza artistikoan.

Oraingo honetan, LAMAk bidaia bikoitza proposatuko du: fisikoa eta barne bidaia, edertasunaren bilaketa bultzada sortzailearen eragiletzat hartuta. Horrez gain, denboran barna egindako bidaia ere izanen da, leku batetik bestera joan diren musika eta instrumentuen bitartez antolatutakoa, hainbat tokitan lan egin duten musikarien obrak nahiz beste denbora edo lekuei buruz hitz egiten diguten musikak barne hartuta.

Asteak hamaika kontzertu eskainiko ditu San Migel eta Santa Klara elizetan, eta LAMAren historian lehendabiziko aldiz, baita Puy Basilikan eta Julián Romano Musika Eskolan ere. Horrez gain, LAMA Lizarratik irten eta Garesko Gurutzearen elizan ere izanen da, 2017an Orreagan programari zabalkunde eta hedapen handiagoa emateko urtero herri berri bat gehitzearen alde hasitako apustuari jarraipena emanez. Herrien hautaketa Donejakue Bidearekin duten loturaren eta ondare material edo immaterial gisa duten garrantziaren araberakoa da, kultura, ondarea eta artea tarteko dituen ospakizuna osatuz.

Kultura Ekintzaren Zerbitzuko zuzendari Carmen Orozek, LAMAko zuzendari artistiko Iñigo Alberdik eta Lizarrako Kultura zinegotzi Regino Etxabek aurkeztu dituzte gaur goizean Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin eta Baluarte Fundazioarekin batera antolatutako jaialdio honetako programaren azken xehetasunak, betiere, urterik urte, bertan, Estatuan zein nazioartean landutako Erdi Aroko, Ernazimentuko eta Barrokoko Europako musikarik onenarekiko hitzordua eskaintzeko asmoz.

Programa

49. LAMA heldu den larunbatean abiatuko da, irailak 1, Puy basilikan, Nafarroako Ganbera Abesbatzak David Guindano musikologoaren lanean oinarrituta eskainiko duen emanaldiarekin. Hurrengo egunean, Santa Klara elizan, "Telemannen bidaia koadernoak” izango da entzungai Barroco Tout laukoteari esker. Irailaren 3an, kokapen berean, programa honetan inoiz entzun ez den musika-tresnaz gozatzeko aukera izanen da: klabiorganoa, klabearen eta organoaren arteko hibridoa, nazioarteko ospe handia duen Juan de la Rubia organu-jotzailearen eskutik.

Santa Klarako hirugarren kontzertuan “Toledotik Isfahanera” programa izango da protagonista hilaren 5ean, Lachrimae Consort, Le concert Persan eta Sara Hamidi kantariaren jardunaren bidez. Bi egun geroago, Paul Van Nevel zuzendari duen Huelgas Ensemble taldeak lehendabiziko aldiz hartuko du parte LAMAn “Alpha et Omega” programarekin. Bestetik, irailaren 8an, larunbatez, Andoni Mercero zuzendari eta Alicia Amo bakarlari dituen Boscareccia taldeak 1709an, Erroman, Händel eta Scarlatti maisu handien artean gertaturiko topaketa, norgehiagoka edo lehiaketa profesionalaren lekukotasuna eskainiko du. Egun berean, kaleko jardunaldia egingo da Julián Romano Musika Eskolako zenbait ganbera talderen parte-hartzeaz. Azkenik, Les Musiciens du Louvre taldeak Vivaldiren “Lau urtaroak” eskainiko du LAMAri bukaera emateko.

Sarreren salmenta

Sarrerak online eros daitezke webgunean (www.smade.es/eu) nahiz Baluarteren webgunean (www.baluarte.com). Era presentzialean ere erosi ahalko dira, Baluarteko txarteldegian, kontzertu bakoitzaren aurreko eguneko 12:00ak arte. Irailaren 1ean, sarreren salmenta kontzertuen egoitzetara aldatuko da. 

Puyko Andre Mariaren Basilikan, sarrerak irailaren 1eko 19:15etik 20:15era erosi ahalko dira. Santa Klara Elizan, irailaren 2, 3 eta 5ean, 19:15etik 20:15era. Eta San Migel Elizan, irailaren 7, 8 eta 9an, 19:15etik 20:15era bitartean.

Sarreren prezioa 12 eurokoa da (6 eurokoa gazte txartelarekin).

Horrez gain, doako sarrera duten ikuskizunak ere programatu dira. Gurutzearen Elizako (Gares) eta San Klara Elizako (Lizarra) kontzertuetarako eta San Migel Elizako (Lizarra) emanaldi didaktikorako gonbidapena beharko da. Julián Romano Musika Eskolako (Lizarra) kontzertuan, sarrera doakoa izanen da aforoa bete arte. Gonbidapenak Lizarrako eta Garesko turismo-bulegoetan jaso ahalko dira irailaren 1etik kontzertuaren aurreko eguna arte, eta dagokion elizan kontzertuaren egunean.

Informazio gehiago: www.smade.eswww.culturanavarra.es.

Heldu den larunbatean, irailak 1, Lizarrako Antzinako Musikaren 49. Astea hasiko da

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

SMADE - European Day of Early Music
Cultura - Kultura
Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

Lizarrako Udala
Lizarra Komertzioaren Hiria
Garesko Udala
San Migel Eliza · Santa Clara Eliza
Puyko Andre Mariaren Basilika · Gurutzearen Eliza (Gares)